Mostrando entradas con la etiqueta Heziberri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Heziberri. Mostrar todas las entradas

11 julio 2008

Heziberri

Heziberri atarian idatziko sarrera itsasten dut. Weban agertzen den definizioa:



"Zer da Heziberri?





Euskadin hezkuntza birpentsatzeko lau euskal erakunderen baterako proiektu bat da (Euskal Herriko Hezkuntza Administrarien Forum Europarra, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Innobasque eta Jakiunde)."

 





Hezi-berri, hezi era berri batez? Horrela bada, ados. Beharrezkoa ere, guztiz. "Etorkizunerako hezi!"  agertzen da lehen orrian. Nik gehituko nuke: gaurko hezi! Etorriko dena heldu da, ez dago heltzeke. Atarian baino, sukaldean dugu garaia... XXI. mendearen hasiera honetan, jadanik aro digitalean gabiltza.

Oso inportantea, nirekiko, bultzakada ofiziala nahi egitea. Ezinbestekoa, baina; hezkuntzaz ari bagara, gehiago ere egin beharrean gaude. Atzean ari garela sumatzen dut, beste lurraldeetan administraziotik egiten dena ezagutu ondoren. Azpiegituraren hornikuntzan, bikain. Benetan. Bultzakada pedagogikoan, aldiz, eskas.

Nork egin behar du lan pedagogikoa? Hezitzaileok
Zer behar dugu ?  Ikasleen ikas-prozesuan gidariak izan, haiek ikas-prozesua eraiki dezaten, geure esku dauden tresnak erabiliz (blogak, wikiak, WQ (Pilar Etxebarriaren azalpena hemen) ...), elkar lana, erabakiak hartzeko ahalmena sustatu, ikertzeko gogoa areagotu, informazio iturriak era kritiko batean aztertzen hezi.. Oro har, konpetenteak izateko bidean jarri.
Zer eskaini behar du Hezkuntza Administrazioak? Plataforma egokia, bakarra, biltzailea, malgua, irekia, denontzako, denona... Daudenekin lotua (AGREGAn egongo garela entzutean poztu nintzen zeharo) Hau da: teknikarien eskuetan, teknika dena, irakasleen eskuetan, garapen pedagogikoa. Bestela, alferrik gabiltza. Geletara heldu behar da teknologia errez hau bere erabilera pedagogikoarekin batera, eta heltzeko, ez dira behar puntako teknikariak, behar dira maisu-maistrak, ikasleekin aritzen direnak, beraien lanaren hausnarketa egin ondoren metodologia berriak proposatzen edo asmatzen dituztenak. Hala egokituko dira ikas-irakas prozesuak erronka berriari erantzuteko.
Irakasleei dagokienez, Santiagon eginiko topaketetan, Santanderren... biltzen garenen artean 40urtetik gorakoak gara nagusi, ez dut ikusten irakasle gazte askorik... Hau da, gaurko haur txikiak heziko dituztenak hain zuzen ere. Kezkaturik nago... agian haientzako guztiz arruntak diren tresnak direnez, normalizazio batean erabiltzen dituzte... Tamalez ez dut uste hori horrela denik, ikastoletan, eskoletan ere ikusten ditugu gazte direnak...

"Gazteen erronkak 2025ean"

Oso urrun dago garaia nirekiko. Hala ere, konformatzen naiz gaurkoek behar dituzten tresnetan alfabetatzen badira... haiek izan daitezkeelako etorkizuneko maisu-maistrak. Baina jasotzen duten heziketan guztiz arrotzak badira tresna digitalak, nola heziko dituzte etorkizuneko ikasleak??? Orain urte asko erronka handia egon zen irakaskuntzan, gurean, profilen ezarpena. Badakit esango dudana ez dela denen gustukoa izango baina hala ikusten dut nik egoera: garai hartan egin behar izan zena beharrezkoa izan zen ikasleen euskalduntze prozesua bermatzeko. 2008an, bigarren erronka heldu zaigu: ikasleen alfabetatzea bermatzeko, irakasleek gutxiengo profil teknologiko-pedagogikoa izan behar dute eta Administrazioak ezin du zalantzarik adierazi gai horretan. Bestela, gure hausnarketa guztiak geratuko dira horretan, hausnarketan, eta bada garaia gaiari eusteko. Urteak pasa dira hornikuntza heldu denetik (tamalez, ordenadore batzuk ez dira piztu ere hainbat geletan), tresnak gero eta sinpleagoak dira, edonork erabili modukoak, baliabideak, egon badaude (askotan antolamendurik gabekoak). Orduan, zergatik ez daude zabaldurik? Zergatik jarraitzen dugu esaten "teknologia berriak"?
Tresnak soilik ez direlako aldatu beharrekoak. Eta han dago, ene ustetan, ibilera motel honen erantzuna. Tresnek dakartzate irakasleen rolaren aldaketa, metodologia aldaketa...  han dago koska. Han dago gure oina topatzen duen arroka. Hori da, hain zuzen, ezarpena oztopatzen duena. Eta gure etorkizuneko ikasleak (eta gaurkoak) hezteko behar den pentsamolde horien aldaketa ere. Biziko duten gizartea, gaur egun bizi duguna, ez da gaztetan bizi genuena, ez du parekorik, ez du zerikusik. Halere, burugogor, gure erara moldatu nahi ditugu ikasleak, gu aldatu beharrean...
2025eko gazte batzuk, agian, ni bezala, maisu-maistrak izango dira... eztabaida honetan ibiliko dira oraindik han, edo haien hezte prozesuan aritu direnek guk baino hobeto egingo dute?
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...